Vitoria-Gasteiz Trail

Vitoria-Gasteiz Trail lasterketaren XII. edizioa irailaren 29an egingo da

Izena emateak www.vitoriagasteiztrail.com webgunean egin daitezke

Irailaren 29an, Gasteizko Mendiek berriz ere egingo diete harrera Vitoria-Gasteiz Trail lasterketan hamabigarren edizioan parte hartzen dutenei. Vital Fundazioa, Vitoria-Gasteizko Udala eta Foru Aldundia dira probaren babesleak. Distantzia bitan lehiatuko dira partaideak: 16 kilometroko bat eta 26ko beste bat. Horrela jakinarazi dute dagoeneko Euskadin sustraituta dagoen mendi-lasterketa horren aurkezpen ofizialean, gaur goizean, Vital Fundazioa Kulturunean.

Vitoria-Gasteiz da mendi-lasterketa bat egin dezakeen probintzia hiriburu bakarrenetakoa. Ia-ia hiri erditik hasi eta kilometro eskasean, paraje apartan sar gaitezke, izan ere, hiria inguratzen duen Eraztun Berdean zehar eta Armentiako parketik, Vitoria-Gasteizko mendien gunera sartzen gara. Axier Urresti Vital Fundazioaren zuzendariaren hitzetan, balio berezi hori da, hain zuzen ere, zaindu behar duguna: “Vital Fundazioan oso konprometituta gaude kirolarekin eta ingurumenarekin. Horregatik, ezinbestekoa deritzogu gure mendi-lerro nagusia eta Euskadiko eremu natural baliotsuenetakoa den hau errespetatzeari eta zaintzeari, berataz gozatzen jarrai dezagun, gure Lurraldea ingurumen-altxorra baita”.

Antolakuntzak probarako dauden 700 dortsalak agortuko direla aurreikusi du. Erakartzen dituen parte hartzaileen % 35 probintziatik kanpokoak dira, batez ere Madriletik, Valentziatik, Bartzelonatik eta batzuetan baita Kanariar Irletatik etorritakoak izaten dira eta liluratuta geratzen dira gure probintziako inguruaren aberastasuna dela eta.

Cristina González Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapen Saileko foru diputatuaren iritziz, horixe da ekitaldi honen beste balioetako bat, Arabako Foru Aldundiaren jarduerarekin oso lerrokatua. “Bisitariak erakarri eta gure hoteletarako, jatetxeetarako eta saltegietarako jarduera eragiteko gaitasuna duten kultura eta kirol arloetako kalitatezko ekitaldien antolaketari laguntza ematea gure estrategia turistikoaren ardatzetako bat da. Ildo horretatik dator Vitoria-Gasteiz Trail lasterketari ematen zaion babesletza: 700 partaidetik gora dituen proba finkatua eta hori baino gehiago dena, kirolariekin batera datozen lagunak eta familiakoak aintzat hartuta”.

Jaso berri duen Global Green City Award saria ospatzen ari da Vitoria-Gasteiz egunotan. NBEren babespeko Global Forum on Human Settlements erakundeak ematen duen saria da, izan ere, Vitoria-Gasteizek Ingurumenaren arloan erreferente izateko duen konpromisoa irmoa da. Livia López Vitoria-Gasteizko Udalaren Kirol eta Osasun zinegotziaren hitzetan, ekintzek bermatzen dute sari hori eta ekitaldi hau da horren erakusgarri. “Harrotasunez esan dezakegu Trail lasterketa arloko zirkuitu erakargarrienetakoa dugula, hiria eta mendia bikain uztartzen baitira Eraztun Berdeari esker. Gainera, erreferentziako proba bilakatu da bere eremuan, hamaika ediziotan metatutako eskarmentuari, parte hartze bolumenari eta parte hartzaileen artean beti uzten duen iritzi onari esker”.

Zirkuituen diseinua Eduardo Martínez Ascentium-en zuzendariaren lana da. Ascentium kirol-ekitaldien antolaketan eskarmentu luzea duen enpresa gasteiztarra da eta, paraje horietan bertan, kluben arteko Euskadiko Txapelketa bi eta Espainiako beste bi antolatu ditu dagoeneko: “Esperientzia maila desberdinetarako diseinatu ditugu 16 eta 26 kilometroko zirkuitu bi hauek, baina batez ere, gure mendiez eta basoez gozatzeko helburuz. Lur-mota desberdinetatik igaroko da lasterketa: bideak, bidexkak eta edertasun ikusgarria duten mendi-ertzak”.

Proba honek balioan jartzen du Euskadiko hiriburuak duen ingurua eta iritzi bera dute orain arte Vital Fundazioarekin batera laguntza eman dioten babesleek, hau da, Vitoria-Gasteizko Udalak eta Foru Aldundiak, eta beste zenbait laguntzailek ere, hala nola  Kutxabank, 42K Running, Estadio Fundazioa, Powerade, Lankide, Infisport, Arabako Diario de Noticias, Gasteiz Irratia, Jardines de Uleta Hotela, Gazteiz Mendi Taldea, eta Arabako Mendizale Federazioak.

 

Izena emateak www.vitoriagasteiztrail.com webgunean egin daitezke.