I Sports Medicine Summit

I Sports Medicine Summit Gasteizen

I Sports Medicine Summit biltzarrak kirol eta traumatologia medikuntzako adituak bilduko ditu Gasteizen

Baskoniak eta Laubidea klinikak EuroLeaguerekin elkarlanean antolatutako biltzarra 2019ko martxoaren 21etik 23ra egingo da Gasteizko Europa biltzar jauregian.

Kirol eta traumatologia medikuntzan erabiltzen diren nazioarteko aurrerapen berrienak izango dira mintzagai martxoaren 21etik 23ra Gasteizen egingo den jardunaldian. Europa jauregian egingo da I Sports Medicine Summit biltzarra, eta estatuko nahiz nazioarteko kirol mediku entzutetsuenetako hogei bat elkartuko ditu. Baskoniak eta Laubidea klinikak antolatu dute topaketa, Gasteizko Udalaren, Arabako Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren eta EuroLeaguen lankidetzarekin. Arabako hiriburuan maiatzean izango den Final Four ekitaldi handia dela eta antolatu diren jardueretako lehenengoa izango da.

Arabako diputatu nagusi Ramiro Gonzálezek ekitaldiaren aurkezpenean azaldu duenez, “kontinenteko saskibaloiko ekitaldirik garrantzitsuena Gasteizen, Araban, Euskadin, izango dela iragarri genuenean, nabarmendu genuen gure esku dagoen guztia egingo dugula sekula antolatu den ediziorik onena izan dadin, eta hori lortzeko bidean gara”. Gasteizko alkate Gorka Urtaranek, bere aldetik, ekitaldiaren aurkezpenean nabarmendu du “kirola eta talentua uztartzea” dela Arabako hiriburuaren nortasun ezaugarrietako bat. Alkateak gogorarazi duenez, “Final Four antolatzea erronka da, baina aukera ere bada, munduari erakusteko gure hiria lehen mailako helmuga dela hainbat arlotan”. “Euskadin oso aurreratuta dago kirol medikuntzaren arloa, eta hori erakusten du eliteko euskal kirolariak kanpora ez joateak beren arazoak tratatzera. Final Four kirol ekitaldiak aukera emango digu arlo horretan sakontzeko eta kirolarekin lotutako prestakuntza eta medikuntza sustatzeko”, adierazi du Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko sailburuak, Bingen Zupiriak.

Saski Baskoniak, biltzarraren antolatzaileak, Jesús Vázquez erakundearteko harremanetarako zuzendariaren bidez, nabarmendu nahi izan duenez, “Baskoniaren eta Deportivo Alavésen arrakastaren gakoetako bat izan da profesional onak eduki dituztela errendimendu altuan lehiatzeko, eta medikuntza da garapen horren ardatz gakoetako bat”. Laubide klinikako Iñaki Garmillak nabarmendu duenez, biltzar honi esker, “estatuan eta nazioartean medikuntzan eta traumatologian erreferente direnak bilduko ditugu gure hirian”.

Lehen egunean, kirol medikuntzako azken teknologiez arituko dira adituak: hezur barneko plasma, zelula mesenkimal bidezko terapia, talka uhinak eta tendoi lesioak, termografia, theragun sistema eta diamagnetoterapia, inplikazio genetikoak, Alter G delakoa eta esfortzu probak. Bigarren egunean, hitzaldiak kirol traumatologiari buruzkoak izango dira, zehazki, honako hauen ingurukoak: eskua, sorbalda, aldaka eta belauna, eta baita 3D protesiei eta muskuluetako eta tendoietako lesioetan ekografiak erabiltzeari buruzkoak ere.

Aipatu beharra dago biltzarrari hasiera emateko, martxoaren 21ean, osteguna, Mikel Sánchez kirol traumatologoak emango duela hitzaldia. Kirurgia Artroskopikoko Unitateko Klinikaren sortzaile eta zuzendariak hezur barruko plasmari buruz eta hezur edemari buruz hitz egingo du. Egun horretan bertan, arratsaldean, kirol eta errendimendu medikuntzan inplikazio genetikoek izan dituzten arrakasten berri emango du lehen aldiz Jose M. Aznarrek, egoitza Arabako Teknologi Parkean duen Baigene SL enpresakoak. Aldiz, Pilar Doroñok, Espainiako Saskibaloiko Federazioko medikuntza arloko koordinatzaileak, martxoaren 22ko (ostirala) lehen hitzaldia emango du, saskibaloiko lesioen epidemiologiari buruz. Nazioarteko parte hartzaileei dagokionez, Damir Hudetz traumatologoa aipatu beharra dago, Zagrebeko (Kroazia) St. Catherine Speciality ospitaleko traumatologoa eta zerbitzuburua, eta Michela Galizzi, Italiako fisioterapeuta eta terapeuta ortopedikoa.

Bi mahai-inguru ere izango dira. Lehenengoan, kirol zuzendaritzaren ikuspuntutik lesioak nola kudeatu eztabaidatuko dute EuroLeagueko mediku eta kirol zuzendariek, martxoaren 21ean, osteguna, KIROLBET Baskoniako mediku Gustavo Lucas moderatzailearen gidaritzapean. Bigarren mahai-ingurua martxoaren 22an izango da, ostiralarekin, eta medikuntzak eta traumatologiak kirol medikuntzan duten garrantziaz mintzatuko dira Mikel Sánchez, Francisco Espara Ros, Javier Barrio, Alfonso del Corral eta Alberto Fernández medikuak, eta Elena Loyo eta Carlos Coloma eliteko kirolariek eta Joseba Beloki txirrindulari ohiak (Frantziako Tourreko zilarrezko dominaren irabazlea 2001ean) ere hartuko dute parte.

Zientzia programari eta izena emateari buruzko informazio guztia webgune honetan dago. Nahi dutenek egun bakarrerako edo bi egunetarako eman dezakete izena. Informazio gehiago jaso edo harremanetan jarri nahi izanez gero: sms@baskoniaf4vitoria.com