BTT Zentroak

Arabak eremu ezin hobea eskaintzen du mendi bizikletan aritzeko, ehunka urteko basoetan, mahastietan, troketan eta haitzarteetan zehar dabiltzan ibilbide ikusgarriekin.

Kirol honetako zaleek ibilbideen sorta zabala dute eskura, ibilbide egokiak hasi berrientzat nahiz desnibel handiak eta jaitsiera azkarrak bilatzen dituzten txirrindulari eskarmentatuentzat.

Ibilbide horietako asko lurralde historikoko bi BTT zentroetan kokatzen dira. Izkiko eta Valderejoko parke naturalen ondoan dauden zentro horiek hainbat zerbitzu eskaintzen dute, esaterako bizikleten eta GPSen alokairua, bizikleten garbiketa, dutxak eta aldagelak. Eremu babestuetan kokatuta daudenez, ahazteko zailak diren paisaia ederren artean emango ditugu pedalkadak.

Izki Arabako Mendialdea BTT Zentroak harrera gunea Urturiko golf zelaian du. Mendi bizikletaren zale amorratuen eskura markatutako 15 ibilbide jartzen ditu, zailtasun, luzera eta desnibel diferenteekin, guztira 500 kilometro. Bitxikeria gisa, Vasco-Navarro Trenbide zaharraren eta ‘Ardoaren eta arrainaren ibilbidea’ izeneko GR-38 ibilbidearen tarte batzuk aprobetxatzen ditu.

Valderejo Añana BTT Zentroaren harrera, informazio eta zerbitzu gunea Angostoko kanpinean dago. Markatutako 7 ibilbidetan 122 kilometro ditu. Ibilbide horiei esker paisaia aldetik oso diferenteak diren eremuak deskubritu ahal ditugu, esaterako Mendebaldeko Ibarrak eta Arabako Lautada, bai eta elkarren artean independenteak diren sakonune batzuek taxututako orografia bitxia ere.

+ Info:
www.alavaturismo.eus